Eskolako ortua

Eskola-ortua baliabide bikaina da ikasleek naturari eta giza inguruneari buruzko esperientzia anitz bizi ditzaten; ingurunearekin ditugun menpekotasun eta harremanak ulertzeko; ingurugiroa zaintzeko; edota ingurugiroaz arduratzeko jarrerak eta ohiturak praktikan jartzeko. Proiektu honen bitartez, bi xede erdietsi nahi ditugu: batetik, ikasleek ingurumena errespetatzen ikastea (ura, lurra, haziak …); eta, bestetik, gosetea ekiditze aldera, baliabide horiek munduko herri guztien eskura egotea beharrezkoa dela ulertzea.

Nekazaritzarekin zerikusia duten ezagutzak praktikan jartzeko erabiliko dugu ortua. Izan ere, jakien inguruan belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ezagutzak eta ohiturak berreskuratu nahi ditugu.

 

Proiektu hau Agenda 21 batzordean txertatu dugunez, bertatik bideratuko dute ortuaren kudeaketa. Hori dela eta, ortua martxan jartzeak eskatzen duen aurre-lanketa egin dute ikasleek: ortuaren kokapena aztertu, beharrezko materiala erosi, inguratuko duen hesiaren neurketa egin… Eta orain, hurrengo pausoei ekiteko asmoa dugu: lurra prestatu, haziak aukeratu, landatu…