Gure aztarna batzordea

Gure aztarna batzordeak jasangarritasuna du ardatz eta helburu. Zentzu horretan, eskolako eta herriko bizitzan inplikatu nahi du hezkuntza-komunitatea; izan ere, natura baliabideak kontsumitzeko, produktu eta zerbitzuak erabiltzeko, eta sortzen diren hondakinak tratatzeko orduan arduratsu jokatu behar dugu.

 

Ingurumen-sentsibilizazioan du oinarria jasangarritasunak; natur ingurunea gure bizitzaren parte dela sentitu eta gozatzean, izaki bizidunekin enpatia izatean, eta gu ere planeta honen parte garela sentitzean, beti ere, baliabideak mugatuak direla eta arretaz kudeatu behar ditugula ahaztu gabe.

 

Jasangarritasunean hezteak ekintza praktikoak eskatzen ditu; ohiko bihurtu diren eta ezarri egin dizkiguten jardueren inguruan hausnartu behar dugu erabakiak hartu ahal izateko. Hala, Gure aztarna batzordeko kideek gogoeta egiten dute, ondorioak gelan aztertu eta konpromisoak hartzen joateko asmoz. Hausnarketarako gaiak hauek izango dira: uraren zikloa, kontsumismo eredu berriak, kutsadura, ingurunea,elikadura, arroparen erabilera, zaborren kudeaketa edota pobrezia. Guztion artean irtenbide sortzaile eta hezitzaileak lortzea du helburu. Prozesu horri ekiteko, behar-beharrezkoa ikusten dugu ikasleengan pentsamendu kritikoa indartzea, hausnarketaren ondorioak erabaki bihurtuko baitira.

 

Langile ez irakasleak, familia eta irakasleak ezinbestekoak dira egunero errespetua lantzeko, eskolako baliabideak zaintzeko edota arau demokratikoetan konfiantza eta giro ona izateko ikasleei eskainitako harreman eta irakaskuntzan. Gure aztarnako batzordekideak astero bilduko dira hori guztia lortzeko.

 

Patioan, pasiloetan eta geletan sortzen diren hondakinak kudeatzea izango da beraien beste helburuetako bat. Horretarako, hondakin bakoitzari dagozkion edukiontziak dauzkagu geletan zein patioan. Hondakinak kudeatzeaz gain, ahalik eta zabor gutxien sortzea ere lortu nahi dugu. Asmo horri heltze aldera:

 

  • Eskolako hondakinak jasotzeko batzorde bat osatu dugu: Hondakinen kudeaketarako brigada. Astero jasoketa egin eta hondakinak ontzi egokira joan diren baloratuko dute.

  • Gela bakoitzean arduradunak izendatu ditugu patio orduan sortzen diren hondakinak kudea ditzaten

  • Sentsibilizio kanpainak egingo ditugu

 

Hondakinen kudeaketarako brigada

Geletan aurrez bereizita utzi dituzten hondakinak biltzeaz arduratzen da brigada hau. Ikasle nagusiak txikienekin nahasten dira eta, astero, ostegunetan, burutzen dute beraien zeregina. Kontrol orria betetzen dute, egon daitezkeen zalantzak jaso edota hondakinen kudeaketan hobetzeko zer egin daitekeen hausnartzeko.