HAUR HEZKUNTZAKO PROIEKTUAK

.

Eskolan lantzen diren proiektu ezberdinak haurren interesetatik euren ezagupenetatik eta dituzten esperientzietatik abiatzen dira, era honetan, ezagutza esanguratsuak eta funtzionalak bultzatuz.

.

Asko dira ikasleen interesa sortzen duten gaiak eta proiektu baten bidez landu daitezkeenak. Batzuetan, edozein ikaslek gelako kideen interesekoa den gai bat proposatzen du. Besteetan, taldeak proposamen desberdinak luzatzen ditu eta bozketaren bidez ebazten dugu. Irakasleak ere gaia proposatu dezake edo eskola mailan adostutako gaia landu dezakegu urtero Aratusteetako gaiarekin egin oi dugun bezala.

.

Gaia aukeratu ondoren haurrak dituzten aurre-ezagupenak ikertu eta jakin nahi dutenari buruzko galderak eta proposamenak jasotzen ditugu.

.

Ondorengo urratsa, informazio bide eta aukera guztien artean, gure galderei erantzuna non aurkitzen den bilatzea da: liburuak Internet, gaiari buruz dakien pertsona bat, edo irteera bat eginez.

.

Hasierako proposamenetatik abiatuz eta haurren interesak eta ekarpen berriak kontuan hartuz proiektuari beharrezko egokitzapenak egiten dizkiogu denen partaidetza bermatuz.

.

Proiektuari bukaera emateko egindako lana jasotzea komenigarria izaten da. Horretarako batzuetan txosten bat prestatzen dugu. Honek Familiarekin eskolan egindako lana konpartitzeko aukera eta aldi berean, beste gela batean gaia azaltzeko bidea ematen digu. Bestalde, ipuin bat asmatzea, errezeta liburu bat idaztea, antzezpen bat edo erakusketa bat prestatzea, beste aukera aproposak dira. Modu asko daude eskolan ikasitakoa finkatu eta indartzeko.

.

Haurrentzat garrantzi handikoa da proiektuen lanketan etxekoen partaidetza izatea.

.

Ikasturte hasierako bileretan familiei azaltzen zaie, dagokion zehaztasunarekin, eskolako xede pedagogikoak, ekintzen antolaketa eta beraiengandik espero den partaidetza.