Gobierno Vasco

Aurkezpena

Ezagutu gure hezkuntza proiektua

Ikastetxearen aurkezpena

San Martin Agirre Bergarako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa da. Eraikuntza nagusia Boni Laskurain 25ean kokatuta dago, Haur Hezkuntzako eraikina kale berdinean 15 zenbakian eta hirugarren eraikin bat ere badugu Osintxuko auzoan (bertan Haur Hezkuntza eskaintzen da).

 

 

 

Ikastetxeari dagozkion arlo guztien kudeaketa aurrera eraman behar dugula ukatu gabe, lehentasuna gai pedagogikoei ematen diegu, horregatik azpimarratu nahi dugu Proiektu Globalaren garrantzia.

Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolako irakasleriak eskolak dituen erronkei erantzun egokia eman nahian eguneroko praktika aztertzen darama azken urte hauetan, Hezkuntzaren izaera hezitzailean buru belarri murgildurik.

Euskara Normalkuntza, Eskolako Agenda 21, Elkarbizitza eta Hizkuntza Trataera Bateratuaren inguruan garatu dira Ikastetxe bezala jorratuz joan diren gai nagusienetarikoak.

Hausnarketa etengabeko prozesua dela ulertuz, aurrera eramaten ditugun “Praktika Onetatik” abiatuz, ondo egiten dena indartu eta hobetzeko proposamenak egunerokotasunean txertatuz, aldaketak ezartzen ditugu ikasleek eskolatik kanpo izango dituzten erronkei aurre egiteko tresnak eskura jarri eta herritar aktibo zein arduratsuak lortzeko asmotan.  Gure metodologia Diziplinarteko Proiektuetan eta Txokoetako Zirkulazioan oinarritzen da. Lana egiteko bi modu hauek, ikaslea osotasunean ulertu, lan egoera esanguratsuetan lana egin, gizartetik hurbileko gaiak landu, gaitasunak garatzeko testu inguru ezberdinetan lana egiteko aukera izatea ahalbidetzen dutela uste dugu.

Eskola mailan, ikasle zein geletako jarraipen pedagogikoa gauzatzen da astero izaten ditugun bilera orokorretan zein mailakoetan. Bertan maila bakoitzean lanean ari diren irakasleez gain Aholkularia eta Ikasketa Buruak ere parte hartzen dutelarik. Inklusioaren ildotik lana eginez, egoerak aztertu, hobekuntzak proposatu eta familiekin koordinatzeko bideak zabaltzen dira. Ikasleen jarraipen zuzena eta geletako jarraipena ere gauzatzen da bilera hauetan.

Patioko Jolasen Antolaketa batzordea, Agenda 21 batzordea, Aniztasuna/Elkarbizitza eta Euskara batzordea dinamizatzeko Talde Sustatzaileak  koordinazio bilerak gauzatzen ditu. Bilera hauetan talde bakoitzeko irakasle ordezkariak biltzen dira.  Ikasleekin astero jorratzen dira aurrean aipatutako gai hauek Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa deritzogun ordu eta erdiko saioetan. Bertan Euskararen erabilera egoera ez formaletan  eta ditugun arazoei konponbidea emateko,  testu inguru eta egoera errealak ziurtatzen ditugu.

© San Martin Agirre
Telefonoa: 943762147 | Telefonoa: 943769996 | Telefonoa: 688666943 | Fax: 943769981 | sanmartinagirre012265@gmail.com